Pasa den astea hasi genuen preso ohien adierazpen inportante batekin, beren kide presoen bide beretik, positibo, eraikitzaile. “Ez da hau zailtasunen eta oztopoen atzean gordetzeko unea” zioten. Barne Ministroaren erantzun berbala, adierazpena “nazkagarria” zela. Erantzun faktikoa, presoen ordezkariak atxilotzea. Argi non erraztasunak non zailtasunak. Argi non bide laua, non oztopoak. Altxatutako zubiak estatuak dinamitatu nahi zituen.
Eraman zituzten ziega ilunetara. Velascoren erabaki ustel batek ekarriko zituen EAJ eta EHBildu adostasun berrietara. Alderdi eta eragileen artean bi jarrera egiaztatu dira: arduragatik mugitu eta arduragabekeriaz posizio zaharretan geratu direnak. Eroso bezain alferrikakoa.
Bi irudi Bilboko kaleetan. Okupazio militar batena, kotxe blindatuez eta guda-armez egindakoa. Okupazio baketsua, itxaropenez betea bigarrena. Milaka herritarrek hautua egin dute inposaketen edo giza eskubideen artean, arazoak betikotu edo konpontzearen artean, gatazka edo bakearen artean… argia eta ilunaren artean. Egindako urrats txikiak ibilbide luzea izan dezan.
Baten batek esango du manikeismoan erori naizela. Ona-txarra biko sistema errazean. Agian.
Baina aste honek ñabardurentzako leku gutxi izan du, grisen paletarik gabea: zuri-beltza. Kontraste handiko astea. Ziega ilun baten zirrikitutik sartzen den eguzki izpi batena bezalakoa.