Azken bolada honetan egia, justizia, memoria terminoak darabilkigu. Ez zauriak zabaltzeko, baizik eta zabalik daudenak osatzeko. Lasa eta Zabalaren desagerpenen 31.garren urteurren honetan pelikula estreinatu da bere herrian. Gordina, esplizitua gogorra… baino beharrezkoa. Estatuaren zitalkeriaren erakusleihoa. Bitartean, Europak kondenatu du Espainia euskaldunen tortura salaketak ez ikertzeagatik. Bosgarrenez. Asko izan dira gure eskualdean torturatutakoak, garai guztietakoak. Baina gogora etorri zait kasu bat. Agian ez larriena –nola jakin-, baina bai berezitasun bat duena.
Bixente Malaxetxebarria “Baskito” 1986ko urtarrilaren 20an atxilotu zuten Laudion egindako sarekada batean. “Gasteizko polizia-etxerako bidean, gidariaren ondokoak gidariari esan zion bideoa jartzeko, nik pentsatu nuen `zelako kotxe modernoa´, baina hori izan zen euren konsigna golpeak hasteko”. Jarraitzen du kontaketa: “Altubeko peajera iritsi ginen eta han gelditu zuten. Orraztu ninduten, ezer pasa ez balitz bezala. Gero kolpeak eta barrabiletatik tiraka jarraitu zuten. Baita komisaldegian ere”.
Txosten medikoetan oinarrituta, tortura salaketa jarri zuen Baskitok. Ohi ez bezala, ikerketan zehar lau torturatzaile errekonozitu zituen identifikazio errondan. Antonio Jose Rodriguez Cerdeiros polizia espainola kondenatu zuen Gasteizko Auzitegiak: bi hilabeteko arrastatzea ezarri zion. Baskitok sufritutakoaz egia jaso zuen. Justizia ez, sententzia arinak erakusten duen modua. Bere memoria –beste askorena bezala- gordeko dugu.