Eduardo Galeanok kontatzen zuen ipuin zoragarri batean preso politikoek debekatuta zeuzkatela txoriak, tximeletak, bikoteak, hondartzak, hodeiak… irudikatzen zituzten argazki edo marrazkiak. Askatasuna islatzen omen zuten. Neskato batek txorien marrazki bat egin zion bere aitari eta kartza-zainek konfiskatu zioten. Hurrengo bisitarako marrazkia pasatu zuen zentsura: zuhaitz bat! esan zuen aitak, zer polita! Eta puntutxo horiek zer dira, frutak? Shhh, ez zaitzatela entzun! –isildu zuen neskatxak-. Txorien begiak dira, hostoen artean ezkutatuta!
Hemen ere, preso politikoekin elkartasuna debekatuta dago. Abokatuek, psikologoek, medikuek ezin dute euren jardun normalizatua bete. Debekatuta dago asistentzia juridikoa, sanitarioa, ekonomikoa, humanoa… luzatzea presoei. Familiarra izate bera ere delitua da.
Pasa den astean Pablo atera zen kartzelatik zigorra beteta. Laster Isidrok eta Patxok jarraituko dute ere Laudiorako bidea, euren larruan ondo ordainduta zehaztuta ez dagoen delitu bat. Errebeldiaren delitua garesti ordaintzen baita Espainiar estatuan. Injustiziaren zama astunarekin, normala izango litzateke Pabloren ezpainetatik amorrua edo gorrotoa entzutea. Ez da horrela. Hein batean, Aretan esan zuen moduan, “pazientzia eta konfiantza” bere alde dituelako. Beste apur batean, oztopoen gainetik, ziega ilunera txoriak hostoen artean ezkutatuta helarazi dizkiogulako. Etengabe. Elkartasuna eta maitasuna ere euren alde dituztelako.