Pablo Gorostiaga eta Isidro eta Patxo Murga atera berri dira kartzelatik (ongi etorriak). Inork ez du gogoratuko 18/98 epaiketa-fartsa hartan ebatsi ote zen Egin egunkariak ETAri laguntzen ziola edo ETAk Egini. Gasteizen herri harresiaren protesta desobediente bezain baketsua Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak jipoitzen zuen biharamunean @erreharria txiolari amurriarra atxilotzen zuen Guardia Zibilak. Libre uztean azken mehatxua egin zioten: “ondo tratatu zaitugula txiokatu”. Lagun batzuk Laudioko udalbatza eten zuten euren bozek lege arrotz bezain faxista batek baliogabetu zielako. Ekintza haren ondorioz, dozenaka herritar epaituen artean Oier Amorrortu zigortu egin dute eta kartzelara bueltatu beharko du.
Ez dakit gure eskualde txikiak isla edukiko zukeen orain gutxi pasa diren Zentsuraren aurkako egunean (martxoak 12an) edo Adierazpen askatasuneko egunean (maiatzaren 3an). Baina gogora ekarri nahi dut Isidro Murgak ateratzean luzatutako galdera bat: “zer izango litzateke Euskal Herria EGIN gabe?”. Beste era batean esanda, zer izango zen Euskal Herria adierazpen askatasunik gabe? Edo, nahi bada, bultzatu nahi duten zentsura inposatuko balitz? Non bilatuko genukeen espazio askea? Zentzu horretan, zinez eskertu nahi diot Aiaraldeari nahi ditudan hitzak, aldiro, libre publikatzeagatik.
Himno eta agintari arrotzei txistua egitea ere santzionatu, debekatu, isilarazi nahi diguten honetan, izan gaitezen txistulari!