Laudion hiru polizi gorputz daude: Guardia Zibila, Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Gorputz horiekiko sentimendu ezberdinak ditugu.
Euskal Herri osoan gaur egun 23.000 polizia ditugu, Europako ratioek 6.000 inguru aholkatzen digutenean. Polizien urteko aurrekontua 1.500 milioi eurotakoa da, euskaldunon poltsikotik ordaintzen duguna. Nola egin gutxitu zenbaki horiek?
Munduan dauden beste prozesuetara jo dezakegu inspirazio bila. Eskozian polizia desarmatua dute. Quebecen polizia ratioak oraindik Europakoak baino txikiagoak dira (1,8 polizia 1000 biztanleko). Ipar Irlandan indar armatu arrotzek alde egin zuten bitartean, bertako poliziaren sakoneko eraldaketa prozesu bati ekin zioten. Katalunian, Badalonako kasuan, Udaltzaingoa egokitzeko prozesuak garatzen ari dira. Eredu zentzuzkoak, arrazoizkoak, posibleak…
Guk ere eraldaketari ekin behar diogu. Laudion, adibidez, udal poliziaren arazoak, praktika txarrak eta inertziak konpontzeko prozesua abiatu da, gertutasuneko polizia, polizia komunitarioa, arazoak konpontzera zuzendutako polizia bihurtzeko. Ertzaintzak iraganean izandako jarrerak eta gaur egungo funtzioak, protokoloak edo armategiak eraldatu behar dira. Azkenik, kanpoko agintea duten poliziak alde egitera deituak daude.
Polizia gehiegi. Gutxiagorekin, hobe.