Bi atxilotu, berriro. Ertzaintza berriro. Entzutegi Nazionalaren eskariz, berriro. Amurrion mina hedatu da, berriro.
Saiatu naiz informazio apur bat lortzen, ez dago asko… baina nahikoa esateko akusazioari kiratsa dariola. Galder Barbado eta Aitor Zelaiari leporatzen diete materiala gordeta izatea “zulo batean”, Duranan, Gasteiztik gertu, 2014 eta 2015ean gertatutako kale borrokaren erasoak burutzeko.
Begiratzen dut sarean, arakatzen dut garai horretan Araban izandako kale borrokaren erasoak eta ez dut ezer aurkitzen, ezer! Garai horren testuingurua ez dut aipatuko, bake prozesu bat martxan jartzen saiatzen ari zen gure herrian, horretan ezker abertzalea guztiz inplikatua zegoela.
Kalean, aire zabalean, bost urtez egon den bidoi horretan aurkitutako hatz markak balio omen izan dute Galder eta Aitor identifikatzeko, “lan oso konplexua” izan dena eta “aste asko iraun zuena”, Ertzaintzaren arabera. Berriro Entzutegi Nazionalaren menpeko atxiloketa, terrorismoaren susmo edo logikapean.
Esan bezala, akusazioari kiratsa dario, muntai baten osagai guztiak ditu. Ez dago deliturik, baina badaude delitugileak: Ernaiko kideak. Izan ere, hori da komunikabideek eman duten egiazko informazio bakarra: pertsona hauek ezker abertzalekoak dira eta Galderren kasuan lehenago ere atxilotua egon zen, aurrekinak ditu, markatua dago. Biek hartu dute ezker abertzaleko abokatu bat. Ez da “zer” gertatu den, baizik eta “nork” burutu lezakeen. Itxurakeria hutsa, muntai bat lekuz eta denboraz kanpo.
Horrela jarraituz gero, Alfredo Remirez eta Julen Ibarrolaren kasuekin batera Amurrio bilakatuko da muntai polizialen munduko hiriburua. Tamalez. Azkarraga-Isasi familiaren tiroketarekin Amurrio bilakatzen da estandar bikoitzaren adibidea, “ustezko” egileen tratu ezberdinaren eredua: batzuentzat etsaiaren zigorrak, bestearentzat lagunen tratua. Amurrio, Aiaraldea... berriro gara iraganeko gertakizunen eskenatokia, oraingo sufrimendua dakartzatelarik.
Guk argi dugu, muntairik ez, estandar bikoitzik ez, sufrimendu gehiagorik ez. Bioakie Galder eta Aitorri eta euren familiei gure elkartasun osoa momentu latz hauetan.