Abendua hasi eta, hilabete berriarekin batera, herri nahiz hiriko kale eta etorbide nagusi argiztatuekin egiten dugu topo, parez-pare. Urtero legez, milaka euroko gastuari aurre egin behar bazaio ere (galdeiezue, bestela, Vigokoei), kapritxoak bihotzak samurtzen dizkigu. Gabonetako espiritu delakoa? Baliteke. Haatik, euren presentzia hutsaren eraginez, badira ikuskizuna zapuzten duten pertsonak. Zenbaiten iritziz, argiek eskaintzen diguten gozamenaren kontra, ezbairik gabeko irudi ezatsegina. Kaleetako alde bietan kartoiz, mantaz eta lo-zakuz hornituta begiztatzen ditugun horiek xarma kentzen diote gure osteratxoari.
Gai horren harira, duela bi aste Caritasek eta Foessa fundazioak aurkezturiko txostenean irakur zitekeenez Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 334.000 herritar inguru gizarteak baztertuta bizi dira, eta horietatik 190.000 baino gehiagok bazterketa sozial gogorra sufritzen dute. Mota horretako datuek, neurri batean, hunkitzen gaituzten arren, zinez murritza da gure errukiak irauten duen denbora-tartea. Zuhaitzetako argi-jolasak berriro gure arreta bereganatzen duen momentuan akabo. Nahiago dugu begiak buru gainean ditugun argi dirdiratsuetan iltzatu. Azpian ditugunei destainaz begiratzen diegu, itzaltzear dauden argi soilak baino ez dira eta.