Mundu mailan erakargarria suerta daitekeen marka baten, turistak erakartzearen eta "bertokoa" saltzearen izenean, nortasuna galtzen hasi garela entzun dut noiz edo noiz. Baliteke. Kanpotik datorren moda edo joera orori ateak ireki gureei leihoak ixten dizkiegun bitartean. "100% Basque Country". Hala ere, gutxi izan arren, erresistentzian mantentzen gara batzuk. Beharbada hori da behar den bakarra: erresistentzia. "Herritik eta herriarentzat" lelo aski ezagunaren pean oinarrituriko borroka armatua. Armatua esan dut, bai. Pintxo-poteetako zuritoa eta pintxoa, kuadrillako txokoko giltzak, gozo-dendaren bateko pastak eta, zorte eta diru nahikoa izanez gero, esku-pilota binakako finalerako sarrerak baitira, besteak beste, gure arma boteretsuenak (eta gozoenak).
Gurea benetan maite badugu horren alde egitea besterik ez da geratzen. Haatik, zaila dela pentsa eta senti daiteke gehienetan. Normala. Nork esan du erraza izango zenik? Gurea dena ezagutu, ulertu, sentitu, maitatu eta identitate propioa eraiki. Erromantikoa, ezta? Modu horretan lor dezakegu aurrerapenaren aitzakiaren eskutik ematen diren aldaketa horien ondorioz inongo identitaterik ez galtzea. Izan ere, ez al duzue uste kuadrillakoekin zurito batzuk edatea, pintxoak jatea, gaueko esku-pilota partidua ikustea eta hurrengo eguneko ajea kafea eta pasta batzuekin baretzea ederra denik? Nik, behintzat, maite dut plan hori.