Arratsaldeko hirurak jo berri erlojuan eta irakasle-gelan hiruzpalau pertsona besterik ez, bakoitza bere egitekoetan murgilduta. Batek ikasleek aurreko egunean idatzitako idazlanetatik ahal beste akats gramatikal zein ortografiko ateratzen eman du azken ordua.
Besteak ikasleei baldintza hipotetikoaren eta irrealaren arteko ezberdintasunak ulertarazteko formula magikoaren bila dihardu. Hirugarren bat egunkariko orriak ordena jakinik gabe pasatzen dabil, eta, dirudienez, horretan galduko ditu klasea hasi arte falta diren minutuak. Laugarrenak... Eta, halako batean, bosgarren irakasle batek irakasle-gelako atea zeharkatu, panorama ikusi eta "hementxe gaude ostiraletako heroiak" esaldia bota du. "Ostiraletako heroiak"?.
Epikoegia, baina, neurri batean bada ere, arrazoia du. Ez irakasleongatik, egunero, euren beharrak egin eta unibertsitatetik, lanetik edo dena delakotik irten ostean euskaltegira joaten diren pertsona horiengatik baizik.
Asteko egun horretan ere ahalegin berezia egin, apuntez beteriko koadernoa eta bolaluma hartu eta ostiral arratsaldetako orduak euskaraz bizitzea hautatu dutenek gure esker on guztia merezi dute.
Izan ere, gure hizkuntzak bizirik iraungo badu jende horri esker izango da. Gazte, heldu eta erretiratu horiek baitira, hain zuzen ere, ostiraletako heroiak.