Bi aste eskas barru, aldiz, egingo du geldialdia Gasteizen mundu-mailan sona handiena duen zirkuak: "Cirque du soleil".
Hiriburuko biztanleek eta bertaratu nahi duten guztiek, 5 egunez, trapezistez, magoez eta pailazoez gozatzeko aukera edukiko dute, besteak beste.
Izango gara, denbora, gogo edo diru falta medio, Gasteizera hurbilduko ez garenak, baina, lasai lagunok, ez dugu zertan kezkatu.
Sarrera bat erosiko ez dugunoi ere, azken egunotan, zirku alternatiboaz disfrutatzeko (eta sufritzeko) aukera eskaini baitzaigu, eta ez naiz Galartza eta lagunen "Gure Zirkua"-z ari.
Eguzkiaren lurraldea deitzen dioten Espainian ere lortu dute "Cirque du soleil" propioa antolatzea. Non eta San Jeronimo etorbidean, diputatuen kongresuan, hain zuzen ere. Madrilgoek fantasiaz jositako minutu, ordu eta egunak biziarazi dizkigute.
Baiezkoaren eta ezezkoaren artean jauzika aritu diren trapezista, bilkuretan agertu eta desagertu diren mago eta pailazokerietan fin ibili diren pailazo eta guzti.