Harriduraz, eta askotan inbidiaz, gaztetxoen mantek dituzten funtzio zenbatezinak zerrendatzen ahalegintzen gara: kanpin-denda bateko olana, alfonbra hegalaria, mundua txikiziotik salbatuko duen heroiaren kapa... Nagusitxoagoak garenoi zaila egiten zaigu mantak berez duen funtzioaz gain besterik aurkitzea. Adina ote?
Haurtzaroa aspaldi "gainditu" dugunon artean "jolas" kontzeptua nahiko tabua denaren sentsazio orokortua existitzen dela esan dezaket, erratzeko inongo beldurrik gabe gainera.
"Gure adinean ezin gara jolastu" eta "Jolasa ume kontua da" baieztapenak jolasaren inguruko edozein eztabaidatan argudio nagusiak izaten dira.
Zenbait pertsonari galdetuz gero, lotsa edo medio, gutxik aitortuko dizute egunerokoan jolasten direla, eta baietz esaten dutenek esango dute euren familiako gazteenekin aritzen direla.
Jolasa haurtzarora mugatu beharreko zer edo zer al da? Desinhibizioak eta, jolasak irauten duen artean, aske sentitzeak, gu geu izateak, ikara eragiten du. Ez dut zergatia ulertzen, azken finean, ume kontua besterik ez da eta.