[IRITZIA] Agur esateko unea

Duela 7 urte inguru jaio zen egunotan bere azken arnasa eman duen proiektua. Arratsaldeko bostetan jartzen genuen zita eta, guztiak egon bezain pronto, Gardearantz abiatzen ginen. Laudioko auzo horretako lagun batek uzten zigun garajean hasi ginen gure lehendabiziko entseguak egiten. Baketak, alboka, gitarra eta tronboia, ez baxurik, ez ahotsik. Urte haietan entzuten genituen musika taldeen hala moduzko bertsioak sortu eta entseatzeari ekin genion. Zer edo zer egiteko ilusioz joaten ginen astean bitan edo hirutan herriko txoko hartara.

Luze aritu ondoren musika talde baten itxura zuen proiektu hau sortzea lortu genuen. Bi urte behar izan genituen gure estreinako kontzertua emateko, non eta hainbeste maite dugun Drumgorri aretoan. Hilabete batzuk bertan entseatzen eman ostean, aretoko arduradunak, Rafak, kontzertua emateko gonbita luzatu zigun. Guk baietz esan eta 2015eko martxoaren 7an egin zuen Patx&Runek bere lehen agerraldia.

2015eko amaiera aldera grabatutako maketarekin eta taldekide batzuen irteera eta beste zenbaiten etorrerarekin batera Amurrioko Burubio Kultur Elkarteko entsegu lokaletara eman genuen jauzia. Han sortu zen disko propioa sortzeko eta grabatzeko ideia. Hala ere, ia urte eta erdiko prozesua izan zen hori eta, tartean, entseatzeko leku aldatzea ere egin genuen, Amurriotik Zaramillora joan ginen. Diska propioa grabatzearen proiektuak eragin zituen zalantzen eta exigitzen zuen konpromezuaren ondorioz, taldekide aldaketa berria gertatu zen, gaur arte mantendu denari bide eman ziona.

Azkenean, 2019ko otsailean Itzalak diska grabatzeko lanekin jarri ginen. Diska grabatu eta argitaratu genuen ilusio handiz, baina hilabete luzeetako zamaren eraginez nekatuta. Esan daiteke hasieratik finkatuta genuen helburua lortzeko gai izan ginela eta lan horrek gordeta genuen indar guztia ahitu digula. Horregatik, hain zuzen ere, Aiaraldean nahiz eskualdetik kanpo hamaika kontzertu eman ondoren, Patx&Run osatzen dugun zazpi taldekideok uste dugu agur esateko unea dela.

Eskerrik asko modu zuzenean edo zeharka lagundu diguzuen guztiei, zuek ere Patx&Run zarete. Esker bereziak Maitane, Imanol, Josu Arrieta, Josu Pintor, David Del Río, Aitor, Rafa, Egotxo, Pedro, gaztetxe, jai-batzorde, antolatzaile, guraso, senide, bikote eta, oro har, gurekin batera pausuak eman dituzuenei. Zuek gabe 7 urte iraun dituen zorakeria honek ez luke zentzurik izango. Mila esker!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide