Duela lau urte, 2010ko negu amaieran, Laudioko udal euskara arloaren babesaz, “Mendiak eta Herria” mendigidari elkartea eta Laudioko ikastetxeen laguntza eta parte hartzearekin DBH ikaslegoari zuzenduriko “Oxigenoa Euskarari” programa martxan jarri genuen, euskara jolastokietatik atera eta naturgunera zabaltzeko asmoz.
Lehenengo urteetan hitz egiten, abesten, zarata egiten, sakelako telefonotik musika entzuten, bus gidariak ipintzen duen filma ikusten edo lo egiten pasatzen zuten gazteek autobus bidaia baina orain sarritan esandakoak aparte teknologiak lagun arteko sareetan mezuak jasotzeko aukera ematen die eta begiak pantailatik urrundu gabe egoten dira.
Jokabide hau autobus bidaietara mugatzen bada ez da kezkagarria baina naturaz gozatzen ari diren bitartean gazteen arreta aparatu hauengatik xurgatua baldin bada, arriskua dago; jardueraren osagaiek eskaintzen duten hainbat estimulu ezberdin garatzeko ahalmena murrizten delako.
Hemen azaleratzen da nire ardura eta hausnarketa: posiblea al da lortzea gazteen partetik erabilpen egokia? Guraso, hezitzaile eta dinamizatzaileen lana jokoan sartzen da, elektronikaren abantailak eta desabantailak erakustea, haien onuraz epe ertain-luze batera, erabilera egoki eta osasuntsua egiten jakin dezaten.