Atzo Hesiheseko kideek aurreko eguneko lan berak hartu zituzten euren gain eta, gehienbat, umeekin eta klaseak ematen igaro zuten eguna.
Julen Zubiete Aiaraldea Hedabideko kideak, ordea, nahiago izan zuen Atenaseko auzo okupatua bisitatu eta Unibertsitate Politeknikoa ikusi. Ikastetxe hori ere okupatua dago eta Greziako Diktaduraren aurkako oposizioan protagonismo handia izan zuen. Izan ere, ikasle ugari hil zituen han armadak protestetan, eta hori erabakigarria izan zen gobernu aldaketa eragiteko.
Haurrekin
Gaur errefuxiatuek baliatzen duten Squat bat ezagutzea espero dute laudioarrek, baina guztiek ez dute joko proiektu horretara. Berez, Hesiheseko batzuek adierazi dute euren hautua dela ahalik eta denbora gehien ematea egun hauetako ume errefuxiatuekin.
Gaur izango da aiaraldearrentzat azken eguna Atenasen eta taldean hasi dira sumatzen pena, egonaldia bukatuko baita eta lotura estuak egin dituzte, bereziki haurrekin.
Eleonas errefuxiatu kanpamentua bisitatzeko asmoa bertan behera utzi behar izan dute, esparru horretan sartzen direnak, gutxienez, 3 astez egon behar baitira han lanean.
Erredakzioa: Aitor Aspuru Saez
Argazkiak: Julen Zubiete Iza