Hatz puntek ispiluaren hotza laztantzen dute, eta zuk, parez pare, betiereko bilakatu nahi duzun isla hori aurkitzen duzu. Lausoa bezain argigarria den isla. Minuturo, orduro, egunero kristalari itsatsita dauden begiak dizdizka dituzu, ezinezkoa zaizu horiek kliskatzea. Arrunt sentitzeak enbarazu besterik ez du egiten, eta, atsedenik hartu gabe, horren kontrako jardunean zabiltza. Jo eta su. Ezberdina izatean dago gakoa, edo finkatu berri dituzun printzipioek hori pentsarazten dizute behintzat.
Horregatik, hain zuzen ere, idealtzat duzun perfekzio absolutuaren bilaketak ez du etenik. Argazki bat, bi argazki, hiru argazki… Bota behar beste (eta pixka bat gehiago). Aldian behin, ditxosozko erretratuen oinean, nonbait eta noizbait irakurri edo, zuzenean, internetetik atera zenuen esaldi epikoa atxikitzen duzu. Zeure burua originaltasunaren eredu argitzat jotzeko moduko lana, zalantzarik gabe. Kristalaren bestaldetik ailegatzen den zure bizitza inbidiagarriak denon arreta eskuratzen badu, gainerako guztiak bost axola lagun. Ez ezazu galdu jainko edota jainkosa izateko egungo gizarteak eskaintzen dizun parada. Azken finean, denboraren poderioz puzten joan den burbuilaren barruan zuk eta apurtzear den zure ispiluak jarraitu bitartean ez duzu zertan kezkatu. Adi! Beste like bat eman dizute. Segi pantailari so.