Emakume-gizon dikotomia da errealitate nagusia.
Aniztasunaren jendartean bizi garela irudikatzen dugu, eta aukera berdintasunaren balorea goraipatzen dugu behin eta berriro. Baina benetako apustua egiten al dugu aniztasuna eta identitatea erdigunean jartzeko? Oraindik oso markaturik aurkezten zaizkigu zeintzuk diren emakumetasunak eta gizontasunak adierazteko aukera zuzenak. Sexu- genero sistema, txikitatik sozializazio prozesuan eraikitzen den gure nortasunaren zati garrantzitsua da. Laster hasten gara barneratzen neska edo mutil izatea zer den edota sexualitatea eta beronen adierazpen egokiak zeintzuk diren.
Baina errealitatea beste era batekoa da. Gure alboan dauden gorputz, genero eta desira aukeraketak ez daude kokatuta poloetan, egunero eta uneoro egiten direlako arau hausturak. “Continium marra” batean bizi gara, honek aukera anitzak eskaintzen dizkigu, sexualitatearen dimentsio guztiak prozesu dinamiko baten baitan kokatuz. Etengabe igarotzen gara pertsona guztiak marraren alde batetik bestera.
Aniztasunaz ari gara: begirada, gorputz, izaera, pentsamendu, identitate, rol, desira, sentimendu eta bihotzen aniztasunaz. Aniztasunak lagun dezake gure jendartean bazterturik dauden hainbat kolektiboren egoera ikustarazten eta erdigunera ekartzen. Bazterrak anitzak dira, jendarte koloretsua sortu nahi dugu, gure identitatea askatasunez erabaki eta eraikitzeko.