Bidaia hasi gara. Ostiralean Arrankudiagatik irten eta hegoalderako bidea hartu genuen, Cadiz gure helmuga izanda. Ane eta gure txakurra den Kanttu eta hirurok gure astebeteko oporrei hasiera eman genien baina bide luze horretan Alicanterako desbioa hartu genuen, bertan gure kidea den Irkus, Ugaoko preso politikoa, bahituta baitaukate. Oporretan ere gure elkartasun keinua adierazi nahi izan dugu eta espetxera abiatu ginen gure lagunari bisita egitera. Lehen gaua Benidormen pasatu genuen, furgoa hondartza ondoan aparkatuta eta iratzargailua goizeko 8retan jarrita. Han agertu ginen gartzelako atarian goizeko 8.45etan, gogotsu, urduri, pozarren... 40 minututan herriaz, lagunetaz, egoera politikoaz, elkarrekin prestatzen ari garen dokumentalaz eta gure bizitzetaz solasteko tartea izan genuen, beti ere, zerbait kontatzeaz ahaztu garela geratzearen sentsazioarekin.
Ez genuen denbora gehiegirik galtzeko. Arratsaldeko 8retan beste zita bat genuen Chipionan: AlRumbo Festibala. Sei ordu t'erdi genituen aurretik. depositoa gasolinas bete eta bideari ekin genion. Zazpiretarako Chipionan geunden. Bertan Carmenekin geratuta geunden, "Vacaciones4patas" txakurrentzako ostatuko jabearekin. Lehen aldia zen Kanttu horrelako leku batean uzten genuela baina kontzertura joatearekin uztartu ezina zenez, interneten ikusi genuen lekurik txukunenera eramatea erabaki genuen. Ez geunden oso seguru gure erabakiaz, baina Carmenen txakur ostatura heldu bezain pronto leku egokia aukeratu genuela ikusi genuen. Leku garbia, Zelai zabalekin Kanttuk gustura pasiatu zezan, Carmenek kaletik aurkitutako beste txakur lagunez betea...Agurra gogorra izan zen lehen aldiz aldentzen ginelako Kantturengandik eta Anek ezin izan zion negarrari eutsi