Ditxosozko pandemia honek erakusten digunez, ez dago etorkizun segururik; gauzak okertzen direnean, hurbilen dugun jendearengana jotzen dugu eta krisien aurrean, erantzunik onena ematen duen administrazioa hurbilena da: udala. Eredu ekonomiko neoliberala mundua agortzen ari da, eta, zalantzarik gabe, horrek gure egungo bizimoduak aldatzera behartuko gaitu.
Energiaren kostuak gora egin du. Petrolioaren kostuak ere bai. Lehengaiak, horien eraldaketa eta garraioa garestitu dira. Beraz, erosten ditugun produktuak gero eta garestiagoak dira. Baina gure soldatak ez doaz gora, behera egiten ez dutenean. Hortaz, gero eta pobreagoak gara. Merkatu libreak negozioa egiten du aurkitzen duen guztiarekin. Zentzu horretan, oinarrizko zerbitzuetan merkatu-nitxo handi bat aurkitu zuen. Estatuek pribatizatu egin zuten pribatiza zitekeen guztia, eta horrekin batera, baita gure bizi-kalitatea mantentzeko beharrezkoak ziren enpresa estrategikoak ere: energia, komunikazioak, etxebizitza...
Pertsonetaz arduratuko den Euskal Errepublikarik ezean, bestelako erakunde batek burujabetza ekonomikoak berreskuratu beharko ditu, guztiok hobeto bizi ahal izateko. Hasieran nioen bezala, udalak, gertuko erakunde gisa, ari dira beharrizan horren kontzientzia handiena izaten. Argiaren kostuaren igoeraren aurrean, orain interes handiz ikusten ditugu energia berriztagarrien komunitate energetikoak, hala nola Ean sortutakoa, edo udal zentral hidroelektrikoa berreskuratzea, Garesen bezala.
Konfinamenduan, Internet telelanerako, hezkuntzarako edo kudeaketa gehienetarako atea irekitzen digun oinarrizko zerbitzua dela ulertu genuen. Oñatin, Onaro udal telekomunikazio operadoreak, besteak beste, Internet etxe guztietara iristea ziurtatzen du, baita operadore handientzat errentagarriak ez diren landa-eremuko etxeetara ere. Internet zerbitzu unibertsal moduan ulertu behar dugulako.
Uste dut denok dugula egunean gutxienez hiru aldiz elikatzeko ohitura txarra. Petrolioaren igoera supermerkatuetara ehunka kilometrotatik iristen diren produktuak garestitzen ari da. Gure lehen sektorearen aldeko apustua egitea, lur ekoizleen bankuak sortzea, tokiko produktuak eraldatzeko zentroak eraikitzea edo tokiko produktuen ekonomatuak martxan jartzea ekonomia zirkularreko ekimenak dira, hobeto jateko aukera ematen digutenak, eta batez ere, etorkizunean jateko aukera emango digutenak.
Eta oinarrizko beharretan sartuta, urarekin egiten dugu topo. Gure etxeetan ordu batzuetan ura falta bada, izutu egiten gara. Ez dakit zein unetan pentsatu ahal izan genuen ideia ona zela bere kudeaketa esternalizatzea eta geure horniduraz ez arduratzea. Zenbait udalerrik baliabide preziatu hori beren gestiopean mantentzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dute. Ez da lan erraza, baina baliteke hamarkada batzuetan hil ala bizikoa izatea.
Zerrendak zaintzarekin, merkataritzarekin, teknologiarekin, monetarekin, etxebizitzarekin, hizkuntzarekin edo kulturarekin jarrai dezake. Guztietan daude zerbitzu horiek modu subiranoan eta hurbiltasunetik kudeatzen ari diren udal-esperientziak. Ez ditzagun gure bizitzak ezezagunen eskuetan utzi.