Atzean utzi duguna ez da inorentzat urte erraza izan, baina zailtasunen gainetik EH Bildun ez diogu ekiteari utzi, hainbat ekarpen mahaigaineratuz eta aiararren bizimoduaren eta interesen aurkako neurriak salatuz eta horien aurreko alternatibak plazaratuz.
Lan horren emaitza dira azken urtean zehar egin ditugun hainbat ekarpen: euskara ikastea %100ean laguntzeko, bizikletak garbitzeko instalazioa planteatu, animaliei buruzko araudi-proposamena plazaratu, udalerrian dagoen amiantoari erantzuna emateko akordioa, ikastolako sukaldea eta instalazioak berritzeko proiektua…
Horietako batzuk aurrera ateratzeko gai izan gara, baina herrian daukagun erronka nagusiena udal gobernuak daukan gehiengo absolutuak ekarri duen kudeaketa ereduarekin lotuta dago, oposizioari bizkarra emanez nekez egingo baitugu aurrera herri bezala; bai ordea, elkarri eta, batez ere, herritarrei entzunda. Udal ordezkarien bozkak eraikitzeko izan beharko lirateke, ez herritarren ekarpenei bidea ixteko.
Talde lanean sinisten dugu, eta udal kudeaketa gardenago batekin amesten jarraitzen dugu. Hala ere, urte berrira begira jarrita, ez diogu proposamenak egiteari utziko. Aiarako baserritarrek hiltegiaren zerbitzua berreskuratu behar dute, eta herritarrek 0 kilometroaren inguruko hitzak baino benetako politikak behar dituzte; 24 herrietako errealitateak eta beharrizanak behar dituen ur partzuergoa behar dugu, ez erabakiak urrun eta besteen neurrira hartuko dituen bat; Murgako industriagune eraberritua behar dugu; hirugarren adineko herritarren beharrei erantzuten dien arreta eta zaintza sistema behar dugu; euskararen erabilera hauspotzeko ekimenak behar ditugu: mugimendu feministak egiten dituen ekarpenetan sakondu behar dugu; herri guztietan Interneterako konexioa bermatu, landa eremuko etxe eta baserri guztiek zerbitzu egokia izan dezaten; Aiarara heldu diren pertsona migratzaileei behar duten harrera eta elkarbizitza erikitzeko tresnak eskaini behar dizkiegu; gure hondarea ez da oztopo zaharkitu baten gisa tratatua izan behar, gure kultura eta sustraiei lotutako ondareak bizirauteko babesa behar du; klima larrialdiari begira jarriko diren neurrietan sakondu behar dugu, gure zerbitzu publikoak babestu, hasi eskola publikotik eta garraio publikoraino, zerbitzu publikoek herri baten giza-garapenaren oinarria baitira.
Aurrean ditugun erronketako batzuk baino ez dira. Askoz gehiago daude, noski. Horiek izango dira gure hurrengo hilabeteetako lanaren ardatz nagusietako batzuk. Zailtasun handiak dituen eskualde honetan, herritarrok ondoan behar ditugu instituzioak, ez eliteen interesen ondoan, eta herritarren beharrizanen gertuen dagoen erakundea izanik, udal eskumenak defendatu eta, herrien eta herritarren ondoan bidea egiten jarraituko dugu.