“Identitatea, funtsean, indibiduala da” - diok, Txema, eta funtsean egia liteke –euskaraz beraz ere “nor” hitzetik “nortasun” hitza sortzen baita “identitatea” norbanako edo nordin bakoitzaren tasuna adiarazi nahi denean–, baina “nika” sarri ohi dugun bezala “guka” ere egin ohi diagu euskaldunok, eta bada GU euskarako lehen hitza dela dioenik.
Gaur-egun, ordea, nia guaren gainetik jarri nahi den garai norbanakoi batean bizi garela zirudik –“populuaren” gainetik “pertsona”, antzinan herriaren gainetik erregea zen bezala, ezarri nahi den honetan nor bakoitza eta bakarra jainko bailitzan, nor-gehiago-ka itsuan usu bai usu–, “nazio” hitzetik alde egin nahian, batez ere, nazio edo aberri nahi dugun herri gutitu hauetan “naziotasuna” ukatu nahi digutenean.
Hala ere, Euskadik identitate propio bat duela ukatzen duenik ez dela dioanean ez diok gezur ttikirik. Heure inguruan begiratzea baino ez dik ukatzaile, bere buruaren ukatzaile ere, batto baino gehiago ikusteko.
Eta erasorik ez dagoela dioanean ez diok egia, barka jauna, gezurra baizik. Izen-abizenik aipatu nahi ez dudan arren, ez diat uste Laudion inork ulertuko ez didanik, ez Amurrio, ez Aiaran, ez Euskadiko Erkidegoan. Kaudillo BIen garaian bezain latz gogorra ez eraso edo jazarpena, baina ezeginaren eginaz egiten denez batek baino gehiagok, zahar nahiz gazte, “ez du sentitzen”, ikusi ezin (nahi ez) duena.
Euskal Herriaren nortasun horren oinarrizko osagaiak hizkuntza eta kultura direla esatea ez diat uste nahikoa denik. (Beste garai batzuetan, ez aspaldi, Txema, “Foruak” edo Lege Zaharrak ere aipatuko hituela uste diat) Euskarak egiten gaitik euskaldun, guztiz ere; eta euskaraz bizitzeko, euskaldun irauteko alegia, kulturaz gain “herria” behar diagu, nor bere etxen ez ezik beronetatik at ere “lurralde” bat, “berbalagun” izaiteko lagunarte bat, mugarik gabekoa bai, eta gu geu izan ahal gaitezen bezain askea eta zabala. Amets?
Eskuratu ezin den ametsik ez duk. Lainopean bezala galduta – Xalbadorrek esan bezala – gabiltzan arren, nortasun anitzen nahasian alegia, gure bidea edirenen dugula uste diat –Katalunian bezala ez bada Estonian bezala– , bere herriaren burujabetza nahi ez duen abertzalerik ez dela daritzodan era berean, eta bere buruarentzat nahi ez duena bere herriarentzat nahi duena 'kristau' onik ez dela esango nukeen bezala.
Azken baten, nortasuna gure geure ni bakoitzaren barruan dagoenez, gutako nork berak bere buruaren jabe izanik burujabetza eraikitzen baitu.