Mito hitza grekotik omen dator eta “alegia, ipuin, elezahar, gezur-ipuin” esan nahi omen zuen Tsiprasen hizkuntza zaharrean. Historiek edo kondairek gezur-ipuinez bete ohi digute burua, ikastoletan hasi eta zahar-egoitzetara bitartean, eta guk geuk ere erdal-ikastolan hazita hainbat gezur entzun eta ikasi behar izan dugu Reconquista dela Descubrimiento de América dela edo, antzinara joaiteke, La Modélica Transición dela, irakatsi nahi izan diguten azkena, alegia.
Iparraldeko gure anaia-arrebek ongi ikasia dute, berriz, La Grandeur de la France-ren mythe txobinista. Euskaldunek ere, besteen era berean, gure elezaharrak asmatu ditugula ez dago esan beharrik, aberrigintzan batik bat. Eta, eskubiderik ez guk?
Argi dago, ostera – ene eritziz – guk gaurko euskaldunek ez dugula asmatu (xederatu, alegia) egungo gure alegiez, herriaren eraikitzen; ez, behintzat gure arbaso edo asaba zaharrek asmatu zuten bezain ongi, zeren, haiek, alegiak alegia, Bizkaian bederen, 'privilegium' edo lege bereziak ezarriz euren buruaren jabe baitziren, eta Nafarroako Erreterrian ere antzera.
Eta “Herri-eskubideeen aurkako erregearen eskutitzik men egin baina bete ez” egiteko legea ezarri zutenean argi eta garbi erabaki zuten, euren esku zegoen eta. Ezein bizkaitarri “no se pueda dar tormento ni amenaza de tormento” idatzi zuten gure asabek ez zuten Guardia Zibila ezagutu, noski. Guk, gaur den egunean, Espainiako Constitución-a dugu lege, ez Bizkaiko Lege Zaharra, ondikotz.
Aretx Malatoa eduki dugu, bai, urrutira joan barik, Luiaondon bertan, eta gezurrezko ipuinak goiti-beheti, hor harro egoteko ikur herrikoia dugu; ai inperialista guztiek eduki izan balute horrelako zuhaitz bat, iskiluak josi eta bertan utzirik, inoren lurrik lapurtu, ostu, konkistatu eta sarraskitzera joan ez eta nor bere lurraldearen jaun eta jabe izanen zatekeen! Eta euskaldunak, zorionez, ez ziren soldadutzara joaten, espainiartu eta frantsestu gintuzten arte. Hau ele zaharra bada, betor ele berri!