Gu, demokratok

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Barañano 2016ko eka. 28a, 09:05

Grezieraz jakin ez guk, ingelesez ere urri, eta hasi beharko latinez, euskaraz hain gutti entzun baita Araban Euskarazen.

Exit” arrakasta ez, irteera baizik (Zuberoan ilkhigia edo) dela bagenekien, hainbat toki itxitan aterako bidea erakusteko ohi dagozen zuin argitsuak ikusita, nonbait. Ingelesek, eskoziarrek ez bezala, argiari jarraikiz, alde egin dute, Europatik alde, eta gure edukiontzi edo kontinente hau bakarrik geratu da. Bakarturik gagoz, “isolaturik”, alde guztietan uraz inguraturik, eta lehorrez Errusia auzoko.

Eta hau guzti hau zergatik? Ingelesei itaundu dietelako! Ez zitzaien galdetu behar! Horiek, badakizu, “con-sultare”tik “in-sultare”ra egin dute “out”.

Itauntzekotan, itaundu ere, europar guztioi itaundu behar ziguten! Edo, hobe ez, bada-ezpada ere, zeren galderak beti erantzuna baitakar, eta isila ere mintzo.

Isilik nahi gaituzte. Nor? Gu, dêmos, edo grezieratik geurera itzulita herria, zenbaitek populu ere dioena. “Gu, demokratok” aho-beteka, euren burua besteen gainetik ezarri nahiz hitz egin izan diguten horiek guztiek, ttu-dzilipirtaka eta guzti, orain, aho batez eta betez, herriak erabaki duena erdeinuz gaitzesten dute, beraiek nahi zutenaz bestela erabaki du eta. Lau urtean behin (edo birritan) galdetzen digutelako itxurak eginaz demokrazia eraiki daitekeela sinestarazi nahi digute, beti ere haiek beraiek nahi dutena bozkatzen bada, noski. Britainaz ari naiz.

Oraingo honetako horiena ez da krisis, hypokrisis baizik; herriari galdetu behar ez zaiola dioten demokrata horiek, Araba Euskarazen euskaraz egiten ez dutenak bezain hipokritak dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide