“Ia gureak egin du” esan zuen berak “jaioko dira berriak” ere esanda utzi zuen. “Ha caído vencida para siempre esa horrible pesadilla siniestra y atroz que se llamaba Euzkadi” oihu egin zuen Bilboko lehen alkate frankistak 1937ko uztail beroan... eta, hala eta guztiz ere, erortzean berriro jaikiz, gure ametsak arrazoi garbiz egiaztatzen joaten gara. Eta honela (ia) beti euskaldunak, goiari eutsi beharrez, etsiak har ez gaitzan, “ezina ekinez egina” dioen esaera guztiz sinetsita.
Gure esku balego! dioenik asko ere bada gure artean, eta, egon ere, Gure Esku Dago badago. Baina 'bainak' baratzean – eta udaberriaz gero – inork bildu zain egonean egon beharrean, ereiten hasiko bagina hobe, ezta?
“Ez galdetu zer egiten duen Aberriak zure alde, galde iezaiozu zeure buruari ea zer egiten duzun zeuk Aberriaren alde” esan zuena ez zen gutarra, egungo euskaldun gazteei galdeka ari zaiela dirudien arren. Izan ere, gu, geure geroaren jabe nahi ez badugu, gerorik gabe geratuko gara, gero!
Guk egiten ez duguna, egiten nahiz eginen ez duguna, ez du bestek eginen. Gure Esku Dagoen guztia eta bi egin behar dugu, beraz, gure eskuak eta bideak bildu nahi baditugu.