La Rhun ala Larrun?

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Barañano 2015ko abu. 31a, 11:45

Euskal Herriaren bihotzean (edo gerrian edo aldakan edo belaunean) Kantauri (mer de basques) itsasotik jaikitzen den lehen mendiari batzuek ez dakite nola daritzon, La Rhun!! ala LARRUN.

Euskal Herria, Euskadi, Pays Basque, Basque Country, Vascongadas, Pais Vasconavarro, Vasconia... honetan sarri gertatu ohi zaigun zalantza dugu, zergatik eta gure geure buruaren jabe (maiz maizter baino ez gara) ez izateagatik, ez eta gure izana eta izena bera hautatzeko ere.

'Larre on'-etik omen dator Larrun izen arrunta frantsesek ongi ahoskatu ezin eta 'la ghun' bihurtu zen. Baina zenbait euskaldunak ere hori ontzat ematea gero!

Eta Larrunera iritsirik, battok baino gehixeagok 'gavacho' (euskaldunek 'gabatxo' erran beharko dugu, agian!) hitza hitzetik hortzera erabiltzen du, Lapurdiko gure anai-arreba euskaldunak maketo frantsesak bailiran hitzez joka.

Oraino –aitortzea lotsa– Xalbador baino La Pantoja edo Julio Iglesiasen semea gutarragoak dira zenbait euskotarrentzat.

Izan ere gu, “los del norte”, badakizue nolakoak garen, zortzi euskal abizen baino haboro dugularik!

Mugak hor dirau: gure geure buruaren barruan, batik bat. Antzinako 'gau-lanariak' suntsitu dira eta, Xalbadorrek zioen eran erraiteko, egun argiz ere sarri “lainopean bezala galduta gabiltza”. Iparrak – haizeak alegia – nondik joiten gaituen ez dugu jakiten, hegoaldea, gurea, Andaluzia ('Landa luzia”ote?) balitz bezala. Orain, esaterako, EITBn “tú al norte, yo al sur” saio berria dukegu. Nongo norte, ordea?

Lehen larre ona omen zen Larrun mendiaren burua bentez eta antenez josi dute, ez dakit nongo-noizko erregina bat bertaratu zenez geroztik, turistak trunbilka doaz gora – trenez ere bai, arraioak ez badu! – San Ignace (Iraurgiko 'ḱojua ' beti konkistatzaileei ateak irekiz) deritzon gunetik igorik, Iparraldean turista gehieni abegi egiten dion lekua Larrun. Pottokak ohitu ei dira. Ardiak ere bai, latxak izan arren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide