Zinez, ene gardiz, jaietan hainbat ekitaldi bikainen artean, castellers horiek oso goian ezarri zuten aurtengo jaien maila. Haiek pozez gainezka joan zirela omen diote eta gu batzuk ere halaber, haien pozaz pozturik. Gu beti Kataluniagaz -esaten ei zuen Agirre lehendakariak– eta nosaltres amb Catalunya esan behar dugula uste dut. Orain inoiz baino areago.
Eta gure oihua han, haien aberrian, entzuna izan dadin oihu baino gehiago egin behar dugula ere uste dut. Gure alderdiek, abertzaleek ez ezik demokratak diren guztiek ere bai, zerbait egin behar dutela uste dudalako, hitzez gain, herritarrok kaleetara dei egin behar digutela iradoki nahi diet.
Kataluniako herritarrek ondo asko eusten eta bultzatzen dakitela erakutsi diguten bezala, euskaldunok ere eutsi goiari esan eta egin egin behar diogu. Hurrengo geltokia, beraz, Bilbon, hurrengo larunbatean, irailak 16. Etxeko patxadan geldituko ote gara euskaldunok, twiterren I love Cat esateaz nahikoa delako uste ustelean? Beste tren bati, gure historian hainbati bezala, iragaten utziko ote diogu oraingoan?
Gerta ala gerta, Kataluniak irabazi du. Egun, Diada, laster U-1, gero nik dakit zer! Baina deusik ere ez da lehengoa izango. Espainia ere ez. Eta Ghandik esan ei zuena: Garrantzizkoa ez da garaipena, bidea egitea baizik.
GORA KATALUNIA ASKATURIK!