Inora nahi badugu, noiz edo noiz ibilian hasi behar dugu, noizbait iritsiko bagara. Geldi geratzen dena ez doa inora. Eta bakarrik doana ez da urrunera helduko. Guk, horregatik, bidea egin nahi dugu, eskurik esku, bat-bederak bere urratsa eginez. Aurtengo ekainaren 10ean, hiru hiriburu lotuko duen GIZAKATEA osatuko dugu. Ez da aski, ez da nahikoa izango, zazpiak bat egin behar ditugu, baina urrutira joan nahi duenak lehen oinkada eginez hasi behar du. Hasiak, berriz, egina dirudi, eta eginak urregorri.
200 kilometroz luzatuko den katea bat da, gure eskubideak estutzen dituzten legezko katea guztien urragarri. Eta kilometro bat gehiago, Kataluniari eskainiko diogu, euskaldunek haiekin eta beste herri guztiekin bat egiten dugula adiarazteko. Laudion barrena zazpi kilometro. Portugalete eta Saturtziko lagunak gurekin lotuko dira. Guk mila eta bostehun lagun, hiru mila esku gutienez izan behar dugu katenbegi, eta milaka bihotz, batez ere, Atxetatik Altuira luzatzearren. Goizeko hamarretan hasiko gara luzatzen, eguerdiko hamabietan 100.000 lagun baino gehiago loturik egongo gara, eta arratsaldean ospakizunak hiru hiriburutan eta beste hainbat lekutan izango dira. Gure Herriaren historia luzean beste zedarri bat ipiniko dugu, eta, guztiz ere, gure geroaren jabe geu garela esango dugu.
Geure geroaren eta geure hitzaren jabe, izan ere, gu euskaldunak hizkerak egiten gaitu euskaldun, eta geure buruari hitza zor diogu. Beti aurrera egingo dugula eman genion hitz, eta pausorik pauso beti bidea eginez bagoaz, joan, eta goazen!