Oraingo aldiotan, berriz ere, atzerrirako bidea hartu duen hainbat gaztek ongi ikasi behar luke han, hor eta hemen zakurrak ortozik dabiltzala, oinutsik alegia (nahiz eta honik ez luzera zapatadun txakur apain-apainak ikusiko ditugula uste izan nik) eta, bide batez, besterik ere ikasi, hots: atzerrian lurra garratz, ibiñi egik/n oina baratz.
Badirudi, bestalde, aspaldion guraso batzuek seme-alabak esportaziorako hazten eta hezten dituztela. Ikas dezatela ingelesa ondo-ondo, euskaraz paleto hutsak – ‘mamau’ esatea ere badago – diratekeen arren.
Bada, ez. Erle joan-nahiak ez ezti ez abaraska zekiten gure aurrekoek eta gure Amerikak hemen dagozena ere bazekiten, jakin. Batzuk hara eta harago joan izan ziren eta azkenean tanta bat itsasoan. ¿Vascos por el mundo? Baduk/n hoberik! Euskaldunen mundua Euskal Herria da. Hemen behar dugu lan...eta, batez ere, bizi.