Gudurik gudu beti borrokan, amor eman ez inola!, Larrazabalgo seme zintzoak bere hitzari dautsola. Kristau kirmena, baserritarra, euskaldun zaharren odola, gizon leialik bat bazegoen, horixe Juan Ibarrola.
Hitz bakar batek zehazki azaltzen badu, Ibarrola zer zen, kirmen da hitza. Hitzeko gizona zen. Zina. Zintzoa. Zindoa. Eta zin egin zuelako bere hitzari eutsi zion.
Liburua haren bezainbestekoa da. Ona. Egileen lana bikaina izan dela esatea ez da gezur. Angel Larrea, batik bat, guztizko lan sakon eta zehatza egindakoa da hor, eta aldean laguntzaile izan dituen Jon Muñoz, Andoni Larrea eta José Luis Navarro ere goraipatu beharrekoak dira egin duten guztiagatik.
Besterik? Guardia civila zela, bai, baina horrela eta guztiz ere, entzuten eta aditzen jakin izan zuen, bai Meatzalde-Ezkerraldean langileen miseria ikusten zuenean, bai bere herrian bertan, Laudion, istilu gogor izan zitekeen bat ekidin zuenean; eta herriaren Errepublikari eutsi zionari, batez ere. Beste zeinbaitek, ordea, ez zuen egiarik entzun nahi.
Ibarrola’ Rupertoren adinakoa zen, harek honek bezala “nuestra alma no abriga rencores” esango zuen, eta haien oroitza gurea da: Digna Memoria.