Ibili eta ibili eta azkenean, xomorro bategatik, oro moxorroz jantzirik ibiliko gara. Ez da makala! “My house is my castle” esaten omen zuten behiala, guk, berriz antzera: ene etxea ene kaiola.
Tira, euskal sukalde batean “non ene txoko han ene goxo” idatzia dago, suburuan, eta egia, etxean bezala inon ez, bai, baina ez honela.
Eta munduko diktadore guztien ametsa egia bihurtua: nor den oro hesi peko etxean, hots, espetxean. Oraingoan, aldiz, ez da eskuineko agintari buruxkila batek barruitxi gaituena; oraingoan, militarrak lehen lerroan eta gure karrika hustuetan barrena agerrarazi dituena ustez ezkerrekoa den Espainiako gobernua izan da.
Gure ustezko autonomiari tirrit egin dio...baina ez dugu 10 segundu xahutuko gurea defendatzen. Hori bai, e, ez diezagutela CONFEBASK-en fitsik uki! Zelako maila, gure jaurlari saila.
Eta, hori guti ez, eta “fake news” asmatu dituztela uste dute egungo frikiek, gezurra aspaldi asmatua izan ez bailitzan. A, baina feiknius esanda kulago dirudi, irudi. Dena delakoa dela, gezurte garai honetan, izurrite bat dagoela ezin uka, bat baino gehiago, aurki, eta aurka egin behar, aurpegian musukoa jantziz, antza.