Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

"¡Que se jodan!"

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Barañano 2021ko ira. 28a, 06:00

Laudioko udal hiltegia. / Aiaraldea.eus

Kepa Barañanok iritzi gutuna plazaratu du Laudioko udal hiltegiaren itxieraren harira.

“Los vizcaínos, que se jodan” erantzun ei zion Laudioko Udaletxeko nagusi edo nagusi-orde edo nagusi-usteko batek baserritar bati abere-hiltegia ez ixteko arrazoietako bat aipatu zionean. Beraz, uste ez genuen bezala, Laudioko P.N.V. deritzon alderdikoek Euskal Herria edo Euskadi (zeinbaitentzat Euzkadi) eraiki beharrean probintzia bakoitzak bere aldetik jo behar duela uste dute. Edo ez dute aberria eraiki nahi? Sabinok, bizkaitarra izan arren, “Euzkotarren aberria Euzkadi” dela aldarrikatu zuen, batzokiko hainbat jelkidek ahantzi edo ez jakinagatik ere. Beharbada, jelkide berri horiek 1839 baino lehenagora itzuli dira. Batek daki!

Euskal Okela jan behar dugula eta Eusko Label (irakur “leibol”) duen haragia, eta 0-kilometrokoa jan dezagun propaganda zabaltzen dute. Nola, ordea, bada, gure abeltzainek zekor, aratze, idixko, bitika, ahuntzume, arkume, bildots edo txito bat bada ere hil behar dutenean Espainiako Errioxara edo Burgosera joan behar badute? Beraz, Aiaraldeko baserritar guztiak (eta gutiak), eta Orozko, Arrankudiaga, Urduña, Enkarterri, Arratia… (baina hauek bizkaitarrak direnez gero, guri bost!) eta harakinak orobat, “bizirikan enterratu” beharko ditugu. Bidean garamatzate.

Laudioko abeltzainei laguntzak emango dizkiela esan omen du udal-talde nagusiak. A! Harakinei ere bai? A eta (“portzierto”) kale gorrian geratu langileei ere bai?

Ausaz, begano nahi gaituzte. Honela bada, esan dezatela argiroki alkate jaunak eta EBB-ko lehendakari jaunak. Bilaka daitezela larre eta pentzeak eukalitodi, jan dezatela otsoek beeki eta muuki, eta dabiltzala basurdeak bere aisiara karrika-kaleetan.

Kepa Barañano Aldekoa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide