Hirugarren urtez nahi izan dugu, baina ezin izan da. Euriak – ez eguraldi txarrak – galarazi digu. Ez gagoz, ostera, haserre; izan ere, guri kalte izan zaiguna, gure lurrari on zaio. Euria ere behar dugu. Izurritearen ondoko lehen elkarretaratzea nahi genuen, onik eta ondo atera garela aldarrikatzeko, bidean hainbat lagun geratu zaigun arren.
Oletan guk geuk geure geroaren jabe izan nahi dugula aldarrikatu genukeen. Hau, berriz, non nahi dugun ere aldarritu behar dugu, Oletan ez ezik. Geroa baitugu helburu, ez iragana. Etorkizuna guretzat askatasuna da, elkartasuna da, euskaraz eraikiko dugun geroa, zaharrekin gazte, nahiz gizonezko nahiz emakumezko, udazken kolore guztiekin beste udaberri baten asmotan.
Mendeetako borroka luzeak, ez mendetako lo geldiak, iritsarazi gaitu honaino. Luzeak bai baitira, arestian gure herrialdean langileen, pentsiodunen, emakumezkoen eta beste gizatalde askoren borrokak. Eta katea horretan GURE ESKU begi bat baino ez da. Erortzean berriro jaikiz eta jaikiz etorri izan gara, beti ere gure mugarria non dagoen dakigularik.
Gure mugarria ez da alanbrada, ez da lubakia, ez harantz edo honantz zeharka ezin daitekeen hesia. Gure mugarria hemen Herri bat dagoela adiarazteko zuin bat baino ez da, munduko beste Herri guztiekin bat egiten gaituen mugarria.
Beraz, lagunok, izurriteak gainean ezarri digun harlauza gora-behera, gure egitekoak murriztu baititu batez ere, GURE ESKUren izenean, aurrera egingo dugula eta egin dagigula aldarrikatu nahi dugu, astiro bada ere gelditzeke, gure Herri honi dagokion Erabakitzeko Eskubidearen alde lanean. Hurrengo urtean, beraz, Oletako zelaian eta beste leku askotan – Pirinioetan, esaterako – bilduko garen itxaropenarakin, indarberriturik.