Munduan lehenak, gu. Eta hemen gabiltza, apal-apal(durik). Gu gara handiak, gu, munduko hizkuntzarik zailena ikasi baitugu! Zailenetan bosgarrena ez, lehenengoa gurea, gure euskara, euskera, uskara, euskeria...ez baita huskeria, he!
Badira, euskaraz ez jakinagatik ere, euskara maite dutenak, eta hauek maite ditugu. Badira, euskara ikasteko asmo eta gogo sendoarren, ahaleginak eta bi egin arren, ondo-ondo ikastera heldu ez direnak, bihoazkie haiei gure begirunea. Izan dira beste batzuk, ordea, inoiz ere euskara ikasteko asmorik ez gogorik ukan ez dutenak, eta albailihoaz antzarak perratzera. Eta badira, urliak edo sendiak, bat baino gehiago, ez gogorik (funtsean, euskarafobia) ez asmorik (haiek ez dute legerik bete behar, noski!) ez eta bururik ere ez dutenak (honexegatik, batzuk epaile sartu dira!)
Oraingo honetan, epaile (anderexkila) batek ezarri digu sententzia, eta hizpidea, eta lotsabidea. Ana Maria Martinez Navas du grazia (edo desgrazia). Funtzionario (anderexkila) alperraren izena ez da oraindik ospetsu bihurtu. Biei ala biei, ttikitan euskara zaila eta gaitza ikasi zuen nire amama gardearrak “ganorabako” edo “zentzubako” esan ziekeen; nik besterik ere gehi, baina isil nadin, behingoan, epaile oroahaldun inpune eta inmuneez ari baikara.
Dena dela, azken urteetan aurrera egin dugula ezin uka: orain(goz) estatu-kolpeak ez dizkigute militarrek emaiten, epaileek (anderexkila nahiz jaunxkila) baizik.