EAren historia, bere laburrean, kafkiarra izan da. Lehenbiziko aldiz, alderdia gizartean aurkeztu behar zen unean bertan, alderdiaren fundatzaile nagusietako batek, J.A. Cuerda jaunak, alderdia desegin behar zela eta atzera egin behar zela eta, hiruzpalau hilabete lehenago “atmosfera irrespirable” esaten zion EAJra itzuli behar zela ez zigun bada esan, bi mila baino entzule gehiago harri eta zur utzirik!
Eta batzu-batzuk EAJtik zetozkien mehatxuei edota eskaintza politei amore eman eta lehengo etxe zahar pitzatura itzuli ziren. “Badakizu, bestela alabari udaleko lanpostua kenduko diote eta...”
Gero, Oliveri jaunarena. EAko idazkari nagusi izaitetik ihes egin eta EAJ-k itzultzaile lanpostua eskainiz ordaindu zion. Erromak ez omen zuen traidoreei ordaintzen, baina…
Hamaika bat sortu zuten, geroago, giputzaldean, eta hamar ere ez ziren arren, zarata behintzat egin zuten, ausarki, hauteskunde garai batean, noski.
Bazegoen geroago emakumezko bat, zeinaren izenaz gogoratu nahi ez baitut,…
Orain beste batzuk ditugu ziri eta ziri. Haiek nagusi direnean denok beren agindutara nahi dituzte, baina beste batzuek agintzen dutenean, haiek ez dute ezer ere ontzat eman nahi.
Honelatan bada, kalera, hedabideetara jalgitzen dira, edo, maltzurrago dena, alderdikideak auzietara eramaiten dituzte .EA' EHBILDUtik bereizi nahi dute, antza, EA' EHBILDUren fundatzaileetako bat dela ahantzita, antza.
Zein da arazoa? “EHBILDU EAk bere historian jo duen bide beretik doa” esan zuen Garaikoetxea lehendakariak, hots, “BILDU sigue el mismo camino que históricamente ha marcado EA”. Beraz, zein da arazoa? Bidea ala postuak? Bideko makila ala aginte-makila?
Orain, behin eta berriz ere, hauteskundeak aurrean, zeinbait EAkide “kritiko” agertu eta agertuko da, batzarretan legez hautatu agintarien aurka, saltsa nahasi nahiz. Eta, bidenabar, EHBILDUri kalte eginez. Bada, bihoaz nahi duten bidetik. Gu bildu.