Izenez aipatu nahi ez dudan mandar batengatik, Espainiako ibai idorren urak uhar eta uharre dabiltza. Mando eta ar behar da, gero, Espainiako “macho” izaiteko! Urteetan “ar espainiarra” hazi eta hezi izan dute. Ar, harro eta zantar. “Los hidalgos castizos con su cerebro paralizado y militarizado solo entienden el "por cojones" o el "no hay huevos". Hauxe bai Marca España!
Espainiako futbol-selekzioaren garaipena guztiz lausotu dute, eta eskerrak!… astapotro horretaz hitz eta pitz diharduten bitartean... bestela “La Roja” gora eta gora erabiliko gintuzten. Eta futbolaz hitz egiten ez dugulako, gaitz erdi!
Orain, auzolotsa dio EAEko lehendakariak, eta ondo dio, baina “la oficialidad de la selección vasca es totalmente irrealizable" esan zuenean… isilik.
Azkenean, Al Caponeri gerta bezalatsu, har hori ez dute 700.000 euro (baino gehiago) jasotzen izan duelako zigortuko, pot bat ostu duelako baizik.
Gaitz eta erdi bai, baina, azken beltzean, HAIEK nahi dutenaz dugu guk ele, hitz eta berba egiten. Gure teleberri guztiak Marca Españaz beterik emaiten dizkigute, eta seinale txarra. Ea euskaldunak kutsatzen ez gaituzten!… gure Eusko Label Hondarribi-Irungoek daramate, baina.