Haur eta nerabeak etxeetan izan ditugu hilabete luzez, etxean lau pareten artean, zortekoak behintzat balkoi txikia izan dutenak, haizea hartu eta kalean egotearen sentsazioa izan dutelako. Garai luze honetan haurren beharrak eta eskubideak aztertu al dira? Haurrak erdigunean kokatu al dira erabakiak hartzeko?
Haurrak eta nerabeak etxeetan egon dira bai! Baina beraien buruak eta gorputzak, jolasten, sortzen eta esperimentatzen egon dira. Etxetik ateratzean bestelako herri bat topatuko zutela amesten eta sortzen.
Denborak agintzen ez duen herri bat, presarik gabea, tximeleta baten hegaldia ordu betez ikusteko aukera izango duten herri bat.
Kaleak haurren eta nerabeen beharretatik eta beraien ikuspegitik eraikiak izango diren herri bat, kotxeak hainbeste espazio okupatuko ez duten herri bat.
Familiarekin lasaitasunez jolastu eta hitz egin ahal izango duten herri bat, familian maitatzeko tartea hartuko den herri bat.
Jolaserako herri bat, beraien haziera mugatuko duen limiterik gabea, putzuetan salto egiteko aukera, zuhaitzetara igotzeko aukera, oihukatzeko aukera… dagoen herri bat.
Benetako parte-hartze eskubidea izango duten herri bat, beraien beharrak, emozioak, iritziak, ekarpenak eta proposamenak entzun eta aintzat hartuko dituen herri bat.
Haurtzaroaren kultura errespetatuko duen herri bat! Haurrek bere modu estetiko, etiko eta poetiko propioa dutelako mundua ikusteko eta interpretatzeko.
Haurrak eta nerabeak, amesten egon dira, baina ez dira geldirik egon. Ametsak egi bihurtzen saiatuko dira eta gu helduak ondoan izango gaituzte bidelagun.
Haurrak eta nerabeak eroso bizi diren herria, pertsona ororentzako erosoa den herria izango delako!
Haurrak eta nerabeak, kalea bizi, kalea jolastu, kalea berreskuratu!