Aiaraldean bizi gara eta hamaika gune ditugu jolaserako.
Gaur egungo egoera honetan haurrak naturara bueltatzea da seguruena. Beraz, topatu zuen herrietako naturguneak eta bertara joan jolastera.
ZERGATIK NATURA?
Pertsona guztiak naturaren parte gara eta beharrezkoa dugu naturarekin harremana.
Gainera naturak eskaintza handia ematen digu. Mugimendu konstantean dago, gaur eta bihar ez dago berdin. Gaur dagoen putzua, bihar, agian, sikatu da. Edo atzo ez zegoen putzuan, gaur zapaburuak agertu dira. Zuhaitzei hostoak atera, hostoak erori, frutak, loreak.. ateratzen zaizkio. Mugimendu hori hain da aberatsa, jolasteaz gain, ikasteko ere balio duela.
Naturaz gozatu eta naturaz ikasi egiten da.
ZER EGIN NATURGUNEAN?
Haurrei aske utzi. Denbora eman. Ez saiatu helduen jolasak bideratzen. Tartea hartu eta haurra gutxinaka aldendu egingo da eta jolas propioarekin hasiko da. Batzuk segituan joango dira arreta deitu dien horretara.
Haur batek orduak eman ditzake leku berdin batean, lore baten hostoak ikusten. Edo alde batetik bestera korrika joango da espazio guztia konkistatuz.
Harriekin, presak egin daitezke, enborrekin etxetxoak, jolas sinbolikorako aukera paregabeak eskaintzen ditu, lokatzarekin esperimentatzeak plazerra sortzen die, uraren isladan beraien burua deskubritu dezakete...
Naturguneek ez dute parekorik, ekintza ugari egiteko aukera ematen digute.
ZER ERAMAN?
Ez dugu ezer berezirik eraman behar. Naturgune batera bagoaz, bertan topatuko dugu jolaserako beharrezkoa duguna. Saiatu jostailurik ez eramaten haurrek beraien gorputzarekin jolasteko.
Arropa erosoa eraman, zikindu daitekeena, lurrean botatzeko aukerak eskaintzen dituena, zuhaitzetara erraz igotzeko aukera ematen duena.
ETA EURIA EGITEN DUENEAN?
Euria ari duenean, naturgunera joan. Euripean hamaika jolas eta ekintza egin daitezke. Gozatu euri azpian jolasten. Lokatzetan zikintzen, putzuetan salto egiten. Euria ari duenean, naturgunea oso ezberdin egongo da, deskubritu urak ekartzen duen jolas amaigabea.
NATURA JOLASTU ETA BIZI!