Haurrei ez diegu aspertzen uzten, sistema honetan azkar batean betetzen diegu denbora ekintza ezberdinekin. Eta aspertu aurretik, pantailaren bat jartzen diegu edo guk prestatutako jolasen bat egiten dugu. Haurrei ez diegu aspertzen uzten.
Haurrei denbora eskaintzea ezinbestekoa da. Haurrek dena astiroago bizi dute, zentzu guztiak erabiltzen baitituzte ingurua deskubritzeko. Naturaren denborak geldoagoak dira, eta haurrak konektatuagoak daude denbora horiekin, helduok ditugun denborekin baino.
Haur batek orduak eman ditzake txingurri batzuk aztertzen. Eta aspertzen dira, baina orduan hasten dira beraien barruak deskubritzen eta jolas berriak sortzen, edo gauza berriekin esperimentatzen. Haurrek bete gabeko denbora tarteak behar dituzte beraien garapenerako eta baita beraien autonomiarentzako ere. Aspertzeko tartea dutenean, sortzen dituztelako baliabideak beraien arazoak konpontzeko edo beraien bizitza denbora kudeatzeko.
Helduok segurtasuna besterik ez dugu eskaini behar. Errespetatua izango den segurtasuna, beharra duenean hor egongo garen segurtasuna, tribuaren parte den segurtasuna… Haurrak, seguru dagoenean, bere barne mundua deskubritu eta azaleratuko du.