Udak azken egunak bizitzen dituen bitartean udazkena dator bere kolore hori, laranja eta marroiekin. Udazkena gerturatzen denean, haurrak eskolara bueltatzen dira eta helduak beraien lanetara itzuli, ordainduzkoak izan edo ez ordainduzkoak izan.
Garai honetan askotan entzuten da kontziliazioa ezinezkoa dela, oso zaila dela lana eta zaintza uztartzea. Orduan hasten gara fokua eskoletan kokatzen, eskolak izango balira moduan kontziliazio horren bermatzaileak. Haurraren ordutegiak koadratzen eta betetzen hasten gara, eskola, jantokia, eskolaz kanpokoak… Haurra objektu pasibo bat bilakatzen da, toki batetik bestera salto egiten duena inolako erabakirik gabe. Agian bizpahiru eskolaz kanpokoen artean aukeratzen eskaintzen zaio, baina, haurrak bai edo bai denbora tarte horretan okupaturik egon behar du. Haurraren denboraren kudeaketa lan erritmo zorrotz bati lotuta egoten delarik.
Egoera ez da erraza, baina kontziliazioa deitzen den horretan, ez da haurrarengan inolaz ere pentsatzen. Helduen lanaren araberako erritmoa ezartzen zaio haurrari. Gobernuek, haurrengan jarri beharko lukete begirada, beraien beharrak aztertu, entzun, sentitu… eta horren arabera jokatu
Ziurrenik haurrengan jarriko bagenu begirada, iraileko helburua ez litzake izango haurraren denbora betetzea, baizik eta haurrak bere erreferentziazko pertsonekin ahalik eta denbora gehien ematea.
Ea behingoz uzten diogun sistema egunero erreproduzitzeari eta haurrak logika merkantilista horretan hezteari. Horrela akaso haurren beharretara egokitutako hazkuntza bati ateak irekiko genizkioke eta haurrak merezi duen erdigunea hartuko luke.