Ekainean ikasturte korapilatsuari agur esan genion, oso ondo jakin gabe nolakoa izango zen berria. Ikasturte korapilatsua aurrekoa bai, baina baita aukeraz eta aldaketaz beterikoa. Burbuiletan edota talde txikietan funtzionatu izanak erabakiak hartzera bultzatu gintuen askori: familian, eskolan, lanean, … Gure barruak mugitu zituen bizitakoak, argi dago. Horietako bat hezkuntza proiektuetan adibidez, kalera eta naturara ateratzea izan zen. Familiei zirak eta katiuskak eskatu eta aire librean egoteari garrantzia eman zitzaion. Eskola, inguru eta adin tarte batzuetan pentsa ezina zena egi bilakatu zen. Jolasteko, harremantzeko, esperimentatzeko eta ikasteko beste modu bat, eskolarekiko beste bizipen bat, ate berria. Egoera “arrunta” batean agian ezinezkoa eta zoroa batzuentzat, eguraldi txarra aitzaki. Katia Hueso-k behin aipatu zuen “eguraldi txarrari beldur irrazionala diogu, haurrak euriarekin disolbatu ahalko balira bezala”. Aste hauetan ikasturte berriari hasiera eman diogu, malguagoa, ezberdina. Aurreko ikasturteak zabaldutako atea irekita mantentzeko gonbidapena da hau, ez ahaztu kalean eta naturan bizitakoak. Espazio publiko ugari ditugu inguruan plazak, parkeak, belardiak, natur guneak, … Aisialdi taldeen urtetako aldarrikapena izan da kalea berreskuratzea, haur eta gazteak kalean jolastu, bizi eta hezteko beharra. Jolasari eta haurrei kendu zaien lekua eta balioa berreskuratzea. Biziaren parte izan beharrean, momentu eta leku batzuetan egin daitekeen gauza gisa tratatu izan da jolasa. Bizitza ez al da jolasa, eta jolasa ez al da bizitza? Jarrai dezagun kalea berpizten, bizitzen eta hartzen.