Haurrak jaiotzerakoan katalogatzeko beharra du jendarteak. Guraso izatean galdera ohikoena izaten da ea neska edo mutila den. Batez ere, izenak ez badu marka hori ezartzen.
Jaio eta jarraian, lehenago ere hasten ez bada, baldekada ur baten gisan botatzen dizkiogu haurrari genero rol estereotipatuei dagozkien ezaugarri ezberdinak.
Ezberdin janzten ditugu, neska izan edo mutila izan. Ezberdin hitz egiten diegu, espektatiba ezberdinak aurreikusten dizkiegu. Ohikoa da entzutea, "nik ez dut ezberdin hezten, nik hori ez dut egiten…" Esaldi hauek egunerokotasunean mantra bat bailiran erabiltzen ditugu, "ni ez naiz matxista, ni ez naiz arrazista..."
Baina, betaurreko bereziak jartzean horrelako gauzak aztertzen dituzten betaurrekoak, konturatzen hasiko zara norbera izaten dela lehenengoa ezberdin tratatzen dituela haurrak beraien genitalen arabera. Oso errotua eta barruan dugun zerbait da, genero rolak birproduzitzen ditugu eta haurrari txiki-txikitatik sartu egiten dizkiogu.
Ez dago kanpora begiratu beharrik, publizitate sexistan, jostailu ezberdintasunean, arropa dendetan dauden bereizketetan… Barrura begira dezagun, gure hitz egiteko moduan, tratatzeko moduan, beraietaz espero diugunaz… Haurrek jaiotzetik presio hori somatu eta bizi egiten dute eta barruan errotuta geratzen zaie.
Deseraikitzen has gaitezen, gugandik, urteetan errotuta daukaguna analizatzen, eta saia gaitezen haurrak ahalik eta askeen hezten.