Euskararen lekukoa eskuz esku ari da egun hauetan. Gure eskualdean, Amurrion, ekin zion bideari Euskal Herri osoa zeharkatuz Donostira heldu arte. Lekukoa eskuz esku doa eta euskara ahoz aho ere joan beharko litzateke, hau ordea oraindik ez da lortu.
Zer eta nola egin daiteke haur eta gazteek euskaraz egin dezaten? Euskal Herriko eragile, familia eta eskolek bolo bolo darabilten galdera da eta oraindik ez ditugu hitz magikoak topatu hau lortzeko.
Euskara maitatuz gero erabiliko da, beraz, lehendabiziko kontua sentsibilizazioa izan behar du. Maitatzeko ordea derrigortzea, sariak eta zigorrak erabiltzea… ez da modurik egokiena. Derrigortuz gero edo zigortuz gero ukatu egingo da hizkuntza eta sariak ematen sariengatik egingo da eta ez maitasunagatik.
Euskaraz bizitzeko ahalegina egunerokoa izan behar du, pendiente egon behar da egunero eta bide ezberdinak jorratu. Heldu bezala argi dagoena da ez dugula lortuko gure inguruko haurrek euskaraz egitea beraien erreferenteek (gurasoek, tutoreek…) euskaraz jakinda erabiltzen ez badute.
Norberatik hasita, bihotzean hazia jarri, ureztatu korrikarekin, euskararen aldeko jaiekin… eta handitzen joan dadila gure ahoetan loratu arte.
Haurrekin ere hazia jarri euskaraz kontsumituz, euskarazko ikuskizunetara joanez… ureztatu maitasunetik eta kontzientziatik dauden milaka moduak erabiliz (errepikapenekin, euskaraz egin esanez, berarekin hitz eginez…) eta azkenean loratuko da.
Euskararen lekukoa eskuz esku igarotzen ari da 10 egun hauetan, ea beste 355 egunetan ahoz aho darabilgun.