Irailean ospatzen dute batzuk urte hasiera, eta ez da broma, askorentzako hor hasten baitira errutina eta ordutegi berriak. Hezkuntzaz hitz egiteko garaia dela ere ematen du, orain irakurtzen dira egunkarietan haurren ordutegien inguruko albisteak, pedagogia ezberdinen arteko talkak, irakasle eta hezkuntzako profesionalen baldintzak…
Aurrekoan Berria egunkarian irakurri nuen hezkuntza izaten dela eztabaida asko ixteko gakoa. Hau da, “arazoa konpontzeko, hezkuntzatik abiatu behar da” bezalako esaldiek bukatzen dituztela eztabaidak. Baina, hezkuntzan dauden hainbat eztabaidek ematen dute behin eta berriz bueltaka etortzen direla.
Pedagogiaz luze hitz egin daiteke, eskola tradizionalaz edo alternatiboez, pedagogo ezberdinek egiten dituzten ekarpenez. Konponbide gabeko zirimolan sartu ahalko ginateke. Eskola eredu tradizionala, gaur egun existitzen bada behintzat, ez dago ondo ikusia, autoritarismoan oinarritzen baita. Alternatibetan, edo aletrnatiba bezala erakusten diren ereduek ere badituzte beraien zuloak, elitismoa eta segregazioa indartzen baitute askok. Hainbat eskolek, apur bat hemendik eta beste apur bat handik hartzen dute, edo hori egiten dutela saltzen dute.
Ez dago eredu bikainik, eta egonda ere, sistema oso baten baitan eraikia dagoen einean, hau iraultzea helburu ez badu ez da pertsonen emantzipaziorako nahikoa tresna izango. Hezkuntzan egongo da gauza askoren gakoa, baina aldaketa hezkuntzatik etorriko da, jendartean aldaketa borrokatzen denean, eskolak eta hezkuntza ez baitira jendartetik eta, beraz, sistematik kanpo eraikitzen diren kontu independienteak, sisteman errotua dagoen egitura zurruna da hezkuntza. Iraultza beraz toki guztietatik, hezkuntzatik ere bai!