Bada zer ospatu! Urri bukaera geroz eta gertuago dago, eta horrekin batera naturak hainbat aldaketa pairatzen ditu. Uda alde batera utzi eta neguaren tartea iristen zaigu, negua dator eta harekin batera hotza eta iluntasuna.
Gaua da nagusi egun hauetan, eguzkiak denbora gutxiago argitzen ditu gure kopetak. Gauarekin batera beldurrak aireratu egiten dira.
Natura beraz, gure Amalurra, aldaketa fase batean kokatzen da, udatik negura, oparotasunetik txirotasunera, bizi-bizi egotetik hiltzera… Iluntasuna nagusi da eta lotara sartu da, udaberrian berriz esnatuko dute joaleek, makilek eta oilarrek, orain utziko diogu deskantsatzen.
Bai, Arimen gauaz edo Gau Beltzaz ari naiz. Euskal Herrian, eta Europa osoan, betidanik ospatu egin den eguna izan da. Arestian esan bezala, naturaren aldaketa fase baten hasiera da ospatu egiten dena egun hauetan, eta beraz gurea den egun bat da.
Naturaren aldaketak betidanik erritualizatu egin izan dira, eta urriaren 31ko eguna ere ohitura eta erritoz beteriko eguna da. Egun honek gurean hainbat elementu ditu, iluntasunaren etorrerarekin beldurrak piztu egiten dira, jaia bera beldurraren inguruan kokatzen dugu. Kalabazak hustu eta zuloak egin, kandela baten argiarekin itzal beldurgarriak egiteko, etxeko arropa zaharrarekin jantzi eta aurpegia estali edo margotu kalean beldurra eragiteko, eta noski, etxez etxe eskean aritu.
Bada zer ospatu! Gurea ere bada eguna, naturarena. Naturarekin konektatu, aldaketak naturarekin batera ospatu eta gurean gure hizkuntzan bizi jaia, euskaraz bizi!