Laster udako solztizioa ospatuko dugu herri guztietan, sua piztuko da ongi etorria emateko lurretik eguzki beroari. Txarrak bota eta onak guretzako gordeko ditugu, uda datorrela iragartzen duen su erraldoian.
Uda dator eta berarekin batera udaleku garaia hasten da. Gaur egun, gustu guztietarako eskaintza zabala egoten da. Zeri begiratzen diogu ordea udaleku bat edo bestea aukeratzeko momentuan? Asko dira udaleku bat edo bestea aukeratzeko egon daitezkeen arrazoiak, ordutegia, prezioa, proiektu pedagogikoa, lekua, lagunen gustuak…
Eta erreparatzen al diogu hizkuntzari? Geroz eta proiektu gehiago ikusten ditut euskarari inolako garrantzirik ematen ez diotenak. Geroz eta proiektu gehiago daude “gu euskararen alde gaude” esaten dutenak baina euskaraz ez direnak.
Udalekua euskaraz izateko bi momentutan arreta handia jarri behar zaio hizkuntzari. Alde batetik, prestaketa momentuak euskaraz izan behar du goitik behera, hasieratik proiektuan parte hartzen duten guztiek euskara modu naturalean erabili behar dute, prestaketa momentuan garatzen dien harreman guztiak euskaraz izan behar dira gero esku hartzea euskaraz dela ziurtatzeko. Bestetik, prestaketa momentuan haurren hizkuntza ohiturak aldatzeko eta aztertzeko dinamika eta esku hartze teknika ezberdinak baloratu eta adostu egin behar dira profesional guztien artean, eta noski balorazio irizpideetan euskarak leku estrategikoa izan behar du.
Azkenik, esku hartze momentua dugu. Noski hezitzaile guztiek uneoro euskaraz egin behar dutela bai beraien artean zein haurrekin. Gurasoekin ere lehenengo hitzak euskaraz izan behar du esku hartzea euskaraz dela ziurtatzeko, eta noski, prestaketa momentuan adostutako euskara sustatzeko teknika eta dinamikak martxan jarri behar dira esku hartzean.
Esku hartze eta prestaketa guztia borobilduko luke bertan dauden profesional guztiek euskararekiko jarrera ona erakusteak, ez soilik udalekuan, baizik eta udalekutik kanpo ere. Denek barne bilduta izango balute Euskal Herri euskaldun batean bizi nahi dutela.
Aurretik azaldutako kontzeptu horiek gabe, proiektua nekez izango da euskaraz. Proiektua idazten duen idazleak argi du euskaraz bizi nahi duela eta bere haurrek euskaraz bizitzeko aukera izan behar dutela. Horregatik, udalekua aukeratzean hizkuntzaren lanketa erdigunean ipintzen du eta estrategikotasuna ematen dio aukeraketan.
Udaleku eskaintza zabala da, euskaraz direnak, ordea, gutxi. Behatu, erabaki eta udalekuez gozatu!