Udazkenean sartu gara, ongi etorria ematen diogu udazkeneko euriari eta laster etorriko den gauaren gailentzeari. Arimen gauean erritual bidez guztiz agurtuko dugu eguzkiaren indarra eta iluntasunean murgilduko gara. Natura ziklo bat da eta hedatzeko, uzkurtu beharra du. Uzkurtze garaian sartuko gara, zuhaitz askok bere loreen eta hostoen apaingarriak galduko dituzte eta beraien txikitasunean, biluzik azalduko dira mundura.
Izakiak naturaren parte garen heinean, hedatu eta uzkurtu egiten gara, garaiarekin batera. Izakiak orain sartzen gara gure baitan biltzeko garaian, gelditu eta indarrak hartzeko garaian. Gure baitaratzeak, ordea, ez du esan nahi lau pareten artean eta etxean geratu behar garenik, izakiok eta batez ere haurrek naturaren beharra daukate hazteko eta osasuntsu egoteko.
Nagia eman dezake hotzarekin hamaika arropa jarri eta kalera ateratzeak. Nagia eman dezake euriarekin aterkia hartu behar izateak eta berdin-berdin blai bukatzeak. Nagia eman dezake iluntasunean baso ilunetan egoteak.
Ezinbestekoa da, ordea, arropa aproposa jartzea eta natura elementuekin jolastea. Ur putzuetan salto egitea, naturguneetatik paseoak ematea, kalean aspertzea… Haurrak bere garapenerako eta barruan nabaritzen duen uzkurtze behar horrekin konektatzeko naturarekin, bizitzarekin konektatu beharra dauka. Jarduera biofilikoak sustatu behar ditugu, gorputzean garaiak eragiten dizkigun aldaketa eta emozioak ulertu ahal izateko eta gure bizitzarekin konektatzeko.
Bizitzaren kontrako jarduera biofobikoek ez gaitzatela gure egunerokotasuna markatu, ez izatea gure egunerokotasunaren muina. Pantailak ez bihurtzea gure erakusleiho bakarra, ez dezala jolasa mugatu lau paretetan isolatzeak.
Udazkenean ere natura bizi!