Antzina umeen sorkuntza bultzatzeko erreminta zen asperraldia. Besteok egur bat ikusten dugun tokian eurek beisbol makila edo ezpata darabilte
Orain telebistan ikusten denez, edari markak jolas tradizionalak bultzatzeko ekimenean dira, antzinako jostailu sinpleak berraurkitzeko gonbitea egiten. Eta hauxe bera da ADRAtan elkarteak datorren urriaren 6an egingo duena (edari markaren parte hartzerik gabe, guk uste...): umeei antzinako jostailu eta jolasekin olgatzeko aukera.
Izan ere, gure gurasoak eta gu geu dibertitu gaituzten jolasak galduz doaz, ez gaurko umeek jolasten ez dakitelako —ez nuke “abuelo cebolletas” (galdetu nagusiei) baten antzik hartu nahi—, olgetako ohiturak aldatu direlako baizik: haurrek jostailuak badituzte (gehienetan erosiak), euren jostailuak sortzen ibili barik.
Egungo pedagogietan zeinuen sorkuntza bultzatzeko ekimenak ugaltzen dira, baina hau bultzatzeko beharrezko duten gauzarik garrantzitsuena ahazten dugu: aspertu behar dira. Antzinatik umeen sorkuntza bultzatzeko erreminta zen asperraldia; honela, besteok egur bat ikusten dugun tokian eurek beisbol makila edo ezpata darabilte.