IRITZIA

Garapenaren paradoxak

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Gilsanz 2025eko irailaren 8a

Aurrerapen teknologikoek ongizatea ekartzen dutenik zalantzagarria da. / Argia.eus

Aurreko mendeko bigarren erdian garapenerako erakunde batek Afrikako eskualde batean uraren eskuragarritasuna hobetzeko hainbat proiektu burutu zituen. Inguru horretara iritsi eta lehenengo behaketak egiterakoan berehala ohartu ziren emakumeek egunero ur bila joaten lan eskerga handia egiten zutela: ur ontziak hartu, hainbat kilometro ibili eta hamabost edo hogei kilo soinean bueltatzea ahalegin ikaragarria zen. Gainera, lortzen zuten uraren kalitateak ez zituen beti osasun baldintza minimoak betetzen. Zerbait egin beharra zegoen. 

Erakunde honek bere ingeniari taldea elkartu eta lur azpian ur korronteak zeudela ikusita, beroriek ustiatzeko putzu eta iturriak eraiki zituzten eskualde horretako hainbat herrixketan. Eragile solidario hauek poz-pozik bueltatu ziren etxera eta hurrengo urtean haien ekintzen ondorio zoragarriak ikuskatzeko prest herri horietara bueltatu ziren. 

Hara non, ondorio hauek ez ziren espero bezain positiboak izan. Egia da ura errazago lortzen zutela, baina emakumeen egoerak okerrera egin zuen. Ur bila eman ohi zuten denbora haien arteko sozializazio eta saretzerako denbora ere bazen. Eta funtzio nekeza bat saihestu bazuten ere, haien ongizaterako eta gizarte kohesiorako funtsezkoa zen espazioa ere galdu zuten. Denbora gehiago ematen zuten etxe barruan eta familien arteko harremanak ahuldu ziren. 

Zorionez gaur egun, esku-hartze eta ikerketa horri esker, uraren kudeaketan zein bestelako garapenerako jarduketetan genero ikuspegia zeharkakoa da. 

Antzeko gertaerak izendatzen ditu Yuval Noah Harari-k bere Sapiens; gizateriaren historia laburra liburu zoragarrian. Luxuaren tranpa deritzon atalean, bizitza errazago baten bila egindako hainbat aldaketa aztertzen ditu eta argi gelditzen da, aldaketon kalteek maiz esperotako onurak gainditzen dituztela. 
 
Adibide askoren artean denbora aurrezteko asmakizunak aipatzen ditu: ontzi zein arropa garbigailuak, xurgagailuak, telefonoak, ordenagailuak, posta-elektronikoa... Lehen, eskutitz bat idatzi, helbidea eta zigilua gutun azalean jarri eta postontzira eramateko denbora bat behar zen. Eta erantzuna jasotzeko egunak edo asteak itxaron behar genituen. Aldiz, gaur, mezu bat azkar batean idatzi, munduaren beste partean dagoen norbaiti minutu batean hel dakioke eta honek segituan erantzun. Badirudi lana eta denbora aurreztu dugula, baina bizitza erlaxatuago bat bizi al dugu?

Argi dago ezetz. Historiako lege zorrotz bakanetako bat da luxuak beharrizan bihurtzeko eta betebehar berriak sortzeko joera dutela. Asmakizun hauekin guztiekin denbora aurrezten genuela pentsatzen genuen, baina, horren ordez, bizitzaren jarioa hamar aldiz bizkortu dugu, gure egunak antsiatsu eta aztoratuagoak bihurtuz. 

Honek gogoeta askorako ematen du. Garapen teknologikoak ongizaterako lagundu gaitzake? Zoriontasuna zenbateraino dago kanpoko baldintzen menpe? Zer nolako garapena bilatu beharko genuke, gure ongizateak hobera egin dezan?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide