Sortu zirenean jendea elkar konektatzeko helburua bazuten ere, gaur egun sare sozialek gure arreta bereganatu eta berori monetizatzea bilatzen dute. Gu ahalik eta denbora gehien haien aplikazioan sartuta egotea nahi dute, alde batetik publizitate pertsonalizatua irents dezagun. Eta beste alde batetik, erabiltzaile profilak sortu eta datu horiek beste enpresei saltzeko.
Enpresa hauek benetako erraldoiak dira. Meta (Instagram, Whatsapp eta Facebook) munduko 6. enpresa da eta bere produktuak, nagusiki aipatutako hiru aplikazioak, de balde dira!
Haien botere izugarria gure arreta bahitzeko erabiltzen dute. Pertsuasioaren psikologiaren azken trikimailuen bidez, miloika erabiltzailek nahiko luketen baino denbora gehiago ematea lortzen dute. Maiz, gure ahuleziak edo beharrak baliatzen dituzte, gure aldartean eraginez. Hau nerabeen kasuan zitala da (ikusi Nerabeen Garrasia liburua).
Smartphone-ak nerabezaro eta haurtzarora zabaldu ahala kalteak nabariak dira hainbat arloetan: sozializazio uneak murriztea, lo gabezia, arretaren fragmentazioa eta, kasu askotan, menpekotasuna.
Gure telefonoetan zer eduki erakutsi erabakitzen duen algoritmoak ez dauka etikarik. Bere helburua argia da: gu pantailari so egotea. Eta hori erabiltzaileen autoestimua kaltetuz, berri faltsuak zabalduz, polarizazioa eragiten duten mugako edukiak biralizatuz edota eduki biolento nahiz sexualizatuen bidez bada, bost axola.
Datuek erakusten dute azken hamabost urteetan nerabeen osasun mentala kolokan dagoela. Dena ez da sare sozialengatik, gure gizartearen beste ezaugarri batzuk ere eragiten dute. Baina pantailen eragina argia eta ukaezina da (ikusi La generación ansiosa liburua). Osasun publikoko kontua da.
Hala ere, mundu digitala legeztatzea ez da erraza izango. Interes askok talka egiten dute. Askatasun pertsonala eta adingabekoen babesaren arteko orekak zer esana emango du. Interesgarria izango da honen guztiaren bilakaera. Dena ez dago konponduta. Baina, behintzat, eztabaida kalean da eta gizarteak geroz eta kontzientzia handiagoa dauka.
Erregulazioaren aurkakoek esaten dute arautze honek adierazpen askatasunari eraso egiten diola. Baina adikzio edo manipulazio kasuetan ze askatasun dago? Nerabe bati, elikaduraren inguruko bilaketa egin eta gero, algoritmoak elikadura nahasteak goraipatzen dituzten edukiak bidaltzen badizkio, noren erantzukizuna da?
Batzuk esango dute gurasoen ardura dela haien haurrak zaintzea. Baina familiek bakarrik ezin dute honen ardura guztia hartu. Gainera, sektore zaurgarriek pantailen gehiegizko erabilerarako aukera gehiago dituzte.
Hala ere gurasook asko daukagu egiteko. Balizko lege berriak ez ditu laburki aipatutako arrisku guztiak neutralizatuko. Bizitza digitalak erronkak planteatzen jarraituko du eta gurasoen arteko gogoeta zein prestakuntza foroak ezinbestekoak izaten jarraituko dute. Gure seme alabek beraien bizitza digitalean ere behar gaituzte. Lege berri honen iragarpenak ez gaitzala desmobilizatu. Berri ona izan zitekeena ez dadila berri txarra bihurtu.