Ikasturtea hasi berri argitaratu ziren OCDE-k gidatutako hezkuntza sistemen ebaluazioaren emaitzak eta oso kezkagarriak dira: irakurmenaren beherakada nabarmen eta orokorra eman da, hots, testu konplexuak irakurtzeko (eta pentsatzeko!) gaitasuna asko jaitsi da.
Honek hezkuntzaz eta hezkuntza sistemaz hitz egitea ekarri du. Urteetako bilakaerari buruzko hausnarketa sakona egin behar dugu eta gainbehera honen arrazoiak bilatu. Hezkuntza sistema gizarte demokratikoaren zutabe garrantzitsua da eta krisian dago; guztioi eragiten digun krisiak.
Horregatik gaurkoan fokoa zabaldu nahiko nuke eta gizarte osoari erreparatu. Seguruenik bat etorriko gara guztion irakurmen gaitasuna jaitsi dela. Aisialdirako, itxaron denborak betetzeko, mundua irakurtzeko zein harremanetarako ikus-entzuneko bitartekoak gailendu dira, eta hauek ideietan sakontzeko duten gaitasuna ez da testu idatziak duena.
Seme-alabak lotara laguntzeko erritualetan ipuinak jada ez daude beti presente. Helduok idatzizko komunikaziora jotzen dugunean, testu laburretara jotzen dugu (testuak geroz eta laburragoak dira, baita iritzi artikulu hau ere). Beraz, esan dezakegu irakurmena geroz eta gutxiago praktikatzen dela.
Bestalde, gaitasun bat garatzeko motibazioa eta arreta ere ezinbestekoak dira.
Lehenengoari dagokionez, erreferente falta dago. Ohikoagoa da pertsonaia publiko bat bere ezjakintasunaz harrotzen ikustea, ezagutzei balioa ematen baino. Ildo berean, ikastetxeetan nahiko sarri entzuten dira curriculumari buruzko kexak, ea historia edo deribatuak egiten ikasteak zertarako balio duen. Eta argudio hauek gurasoek ere botatzen dituzte. Ez, jakinduria ez dago modan.
Eta azkenik arreta zentratzen ikastea ere funtsezkoa da. Haurrek, ikasteko toki eroso eta lasaiaz gain, heldu bat gertu behar dute, haien emozioak eta arreta bideratzen laguntzeko prest. Eta ez zoro moduan dabilen “multitask” guraso bat.
Beraz, testuinguru honetan esan dezakegu PISA txostenaren emaitzak oso kaxkarrak direla. Baina, agian ez hain harrigarriak.