Gure amamek etxean halabeharrez egiten zituzten eskulanak hurrengo belaunaldiak alboratuta utzi zituen kultura zaharkituaren seinale zirelakoan. Ehundu, josi, puntua egin, trikotatu, kakorratz-lana egin eta horrelako jarduerak baztertzen joan ziren berdinketaren bila zihoan gizartean, emakumeak etxetik atera baitziren kalean ikasi eta lan egiteko.
Hala ere, mundu globalizatu honetan, hainbat arte, kultura eta ingurumenaren aldeko mugimenduk “amamaren lan” horiei esanahi berria eman diete.
Gaur egun, norberak egindako produktuak sormen artistikoa lantzeko aukera eskaintzen du. Lehen mendetasun eta esanekotasunarekin erlazionatutako lanak, egun, nortasunaren errebindikazio bihurtu dira; zure bizimodua, zure bizitza, zure ingurunea diseina ezazu.
Kalera atera den kakorratz-lanak hainbat izen jaso ditu, besteak beste, yarn bombing (artilez bonbardaketa), crochet gerrilla, kakorratz gerrilla, urban knitting (hirian trikotatu) edo graffiti ekologikoa.
Mugimendu fresko, koloretsu eta harrigarri hau Amurriora ere heldu da.
Astero biltzen diren sei emakumeren artean kolore anitzeko basoa sortu dute; zuhaitzak artilez jantzi baitituzte. Komunean izan duten proiektu hori gauzatzeko, artilea erosi, kolore eta neurriez eztabaidatu duten bitartean, ordenagailurik gabeko sare sozial bat ehundu dute; azken finean gure kaleei epeltasun eta umore puntu bat ezartzera etorri dena.
Erakusketa: Izenik gabe
Tokia: Elexondo kaleko oinezkoen aldea,
Akeita tabernaren aurrean (Amurrio)
Noiz arte: Ez dago jakiterik
Sarrera doan